1. artikulua. – Xedea.
Deialdi honen xedea da hiru beka ematea 2024rako, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.
2. artikulua. – Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.
1. – Beka-mota bakoitzaren edukia honako ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:
a) 1. motako beka: ekimenak, proposamenak eta faktoreen azterketa bilatzea, gizartearen eremu guztietan balio-aldaketa bultzatzeko eta gizartea berdintasunerantz eraldatzeko.
b) 2. motako beka: diskriminazio anizkoitza jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboen egoerak eta desberdintasunak aztertzea, batez ere baliabide sozialak eta ekonomikoak eskuratzeari eta segurtasunari dagokienez.
c) 3. motako beka: emakumeek erabaki soziopolitikoak hartzen diren eremuetan duten sarbidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta emakumeen lidergoa eta ahalduntze politiko, ekonomiko eta soziala bultzatzen duten eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzen duten ekimenak eta estrategiak bilatzea.
2. – Eskatzaileek edo eskatzaile-taldeek ikerketa-proiektuak aurkez ditzakete beka-mota batean baino gehiagotan.
3. – Bekak emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, eta ez da egingo EAEko Administrazio Orokorraren bulegoetan, ez eta haren erakunde autonomoetan ere.
3. artikulua. – Hautaketa eta diru-zuzkidura.
1. – Deialdi honetako hiru beka-motak norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira. Ondorio horietarako, lehiatzat joko da aurkeztutako eskabideak konparatuz bekak emateko prozedura, deialdian aurrez finkatutako balorazio-irizpideen araberako lehentasun-hurrenkera ezartzeko eta, kreditu erabilgarriaren barruan deialdian ezarritako mugarekin, irizpide horiek aplikatuta baloraziorik handiena lortu dutenak esleitzeko.
2. – Aurreko artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzeko zuzkidura ekonomikoa Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko da, eta hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da; horietatik 23.333 euro 2024ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa, hau da, 46.666 euro, 2025eko konpromiso-kredituei.
Bekak emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da.
4. artikulua. – Eskatzaileak.
1. – Edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako izaera bereko bekarik aurretik izan ez duten pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen taldeek jaso ahal izango dituzte bekak, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren bat egunean izatea, etab.) eta, osagarri gisa, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Ikergai den lana Euskal Autonomia Erkidegoan aztertzea eta garatzea.
b) Ikerlanak genero-ikuspegia integratzea bere helburuetan eta metodologian.
2. – Izaera bereko beka, dirulaguntza edo laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden eskatzaileek edo eskatzaile-taldeek, baldin eta laguntzen esleipendun badira, itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitu beharko dute laguntzak eman eta ordaintzeko. Era berean, laguntza ordainduko da, baldin eta, azkenean, betebeharrak ordainduta baditu.
3. – Eskatzaile batek baino gehiagok ikerketa-lan bakarra aurkezten badute, titularkideek horietako bat izendatu beharko dute koordinatzaile-ordezkari Administrazioaren aurrean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan jasotako betebeharrekin bat etorriz.