1. artikulua. – Xedea.
1. – Ebazpen honen xedea da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak irabazi-asmorik gabeko erakunde, elkarte eta fundazioei emango dizkien dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, 2024an emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruz sentsibilizatzeko eta/edo horiek prebenitzeko proiektu, programa eta/edo jarduera zehatzak egin ditzaten, aurrekontuan esleitutako kredituek zehazten dituzten mugen barruan eta Emakunderen xede eta helburuekin bat etorriz. Xede eta helburu horiek honako hauek dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea Euskal Autonomia Erkidegoko bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan, sexuen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea, izatezko eta zuzenbidezko berdintasuna osoa izatea eragozten duten oztopoak kentzea eta EAEn emakumea diskriminatzeko modu guztiak ezabatzea.
2. – Honako hauek dira emakumeen aurkako indarkeria matxista: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako indarkeria, familia barruko indarkeria, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta nesken salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, nahitaezko ezkontzak eta bestelako praktika tradizional kaltegarriak, derrigortzea edo askatasunaz arbitrarioki gabetzea, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta gizarte-sareetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa, bai eta nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo Estatuko edo autonomia-erkidegoko araudian aurreikusitako emakumeen eta nesken duintasuna, osotasuna edo askatasuna kaltetzen duen edo kaltetu dezakeen beste edozein indarkeria-mota ere. Hori guztia, edozein eremu publiko edo pribatutan gertatzen dela ere. Horren barruan sartzen dira, baina ez dira mugatzen, familia-, lan-, hezkuntza-, osasun-, kirol- eta komunitate-eremuak, komunikabideak, aisialdi- eta jai-espazioak eta ingurune birtuala.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat hartzen da, halaber, biktimak babesten dituzten pertsonen aurka egiten den indarkeria, bai eta haien ingurune hurbil edo afektiboaren aurka egiten dena ere, bereziki seme-alaben edo beste senide batzuen aurka, emakumea atsekabetzeko asmoz, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoarekin (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
3. – Indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea helburu duten proiektu, programa eta jarduerak ez dira diruz lagunduko.